Talentu aparteko haurrak. Hauentzat ere heziketa berezia.
Gaur egungo hezkuntza behar bereziak dituzten haurrei laguntza emateko prestatua dagoela esan daiteke. Haur itsuek, gorrek, hitz-motelek, adimen urrikoek, autistek eta abarrek laguntza gelak eta programa bereziak dituzte euren garapenean aurrera egiteko. Baina zer gertatzen da talentu aparteko haurrekin? Beren kideak baino azkarragoak diren haurrek ere behar bereziak dituzte. Horiei erantzuten al zaie?
Behar bereziak dituzten haurren artean talentu apartekoak dira gutxien aintzat hartu direnak orain arte, eta ondorioz, beraiei egokitutako programa bereziak eta laguntzak oso bakanak dira. Hainbat gabezia dituzten haurren beharrei gaur egun erantzuten zaiela esan daiteke, hau da, itsuei, gorrei, mutuei, hitz-motelei, autistei edota adimen urriko neska-mutilei zuzendutako programa bereziak eta laguntza gelak antolatuta daude. Haur horiek ezagutzen ditugu. Haatik, talentu aparteko haurrak ez ditugu ezagutzen, ez dakigu zein diren besteak baino adimentsuagoak diren haurrak. Errezelo eta beldur handia dago haur horiei buruz hitz egiterakoan. Talentu aparteko etiketa jarriz gero min egingo zaien beldurra dago. Ez dago beldurrik ezintasunak dituzten haurrak etiketatzeko eta gela bereziak prestatzeko, baina haur bat talentu apartekoa dela esaten bada, min egingo zaiola uste da. Iritzi hori du Carmen Maganto EHUko Psikologia irakasleak. Berak dioenez"ez da minik egiten egia ezagutuz gero. Min egin diezaiekegu haur horiek beti talentu aparteko errendimendua izatea nahi badugu eta beti eredu bezala jokatzea nahi badugu. Izan ere, besteek baino adimen altuagoa edo goiztiarragoa eduki arren, eskubide osoa dute nahi duten errendimendua izateko". Carmen Magantok argi uzten du"haur horiek arazo bezala ikusiko ez bagenitu eta gauza normal bezala hartuko bagenu, beldur hori kendu egingo litzaiguke".Talentu aparteko haurrak eta haur adimentsuak
Talentu aparteko haurrak, haur adimentsuak, azkarra, argia... kontzeptu ugari erabiltzen dira, eta sarritan gauza bera esan nahi dutela iruditzen zaigu. Baina ez da horrela; alde batetik talentu aparteko haurrak daude, eta bestetik haur adimentsuak edo azkarrak.Talentu aparteko haurra abilezia kognitibo ia guztietan gutxienez 130eko puntuaziotik gora duena da. Horietan guztietan desbiazio tipikotik bi puntu baino gehiago igotzen bada, hots, bere adineko haurren batez bestekotik gora baldin badago, talentu aparteko haurra dela esan daiteke. Talentu aparteko hori oso altua bada, hau da, adimen gaitasunak 160ko puntuazioa gainditzen badu, jeineun maila duela esaten da. Populazioaren %0,01 baino gehiago ez dira jeinuak. Beraz, talentu aparteko haurren artean mailak daude, eta oso maila altua dutenak jeinuak direla esaten da.Bigarrenik adimentsuak edo azkarrak daudela aipatu dugu. Hauek zenbait arlotan talentu bereziak dituztenak dira, baina ez arlo guztietan. Esaterako, ahozko komunikazioan, matematiketan, musikan, kiroletan, arlo artistikoan... Arlo horietako batean edo batzuetan nabarmentzen dira haur adimentsuak, baina ez guztietan. Badaude matematiketan oso azkarrak diren haurrak, baina idazteko zailtasunak dituztenak.Zaila da haur bat talentu apartekoa den edo ez jakitea, ez dago adostasunik ez teknikarik hori definitzeko. Gaur egun ez dago talentu aparteko haurrak antzemateko testik, eta ohiko adimen probez baliatu beharra dago. Horrek zailtasun handiak ekartzen ditu ebaluatzeko garaian.Bestalde, ez da ahaztu behar adimenaren garapenak gora-behera handiak izaten dituela. Litekeena da haur batek 3 urterekin ongi irakurtzea inork irakatsi gabe, oso zuzen hitz egitea, hiztegi benetan aberatsa izatea, kalkulu matematikoak egitea eta abar. Baina oso txikitan duen garapen goiztiar hori gerora galtzea eta besteen mailan gelditzea suerta liteke.Gauzak horrela, ia zientifiko guztiak ados daude haur bat talentu apartekoa dela esateko 12 urtera arte itxarotearekin. Adin inguru horretan bere ikaskideekin konparatuz abilitate kognitiboen eta adimenaren batez bestekoa nabarmen gainditzen badu, ikasle hori zalantzarik gabe talentu apartekoa dela baiezta daiteke. 12 urte baino lehenago ezin da hori ziurtatu, adimenaren garapena oso malgua delako. Altuerarekin gertatzen dena pasa litekeela dio Magantok."7-8 urterekin oso altua datorrela iruditzen zaigu askotan, eta gero gelditu egiten da. Edo alderantzizkoa ere gertatzen da; ez dela asko hazten iruditzen zaigu, eta gero, bat-batean izugarri hazten da. Normalean pubertaroa bukatzen denean finkatzen da altuera, eta adimenarekin ere gauza bera gertatzen da. 12 urte ingururekin bukatzen da adimenaren sortzea eta egituraketa".
Dena dela, ez da 12 urtera arte itxaron behar neurriak hartzeko edo laguntza emateko. Garrantzitsua da diagnostiko goiztiarra egitea haur horiek programa bereziak izan ditzaten azkarrak diren arlo horietan.
Diagnostikoarekin bi arlo ezagutzen dira: bata haurraren adimen maila apartekoa den ala ez jakiteko, eta bestea haurraren nortasuna eta bere moldaketa familian eta gizartean. Bi arloek dute eragina eta biak oso kontuan hartzekoak dira.
Ez dago talentu aparteko haurren profilik, oso ezberdinak izan daitezke, faktore askoren baitan baitaude.
Informazio gehiago:
0 comentarios:
Publicar un comentario