Lehen Hezkuntzako ikasleak gara.Hezkuntza premia bereziak dituzten umeekin lan egingo dugulako aukeratu dugu gai hau.Gai honen inguruko zenbait informazio interesgarri eskainiko dugu.Eskerrik asko gure bloga bisitatzeagaitik.
RSS

miércoles, 1 de diciembre de 2010

Hadimen handiko haurrak

Gaitasun handiko haurrak: Guraso talde batek ADIMAC elkartea sortu du, arreta berezia duten umeekin lan egiteko.
Arazoa ez, berezitasuna

Gaitasun handiko umeek ez daukate arazorik. Elkartekoek ez dute «arazo» hitza erabiltzen. «Berezitasun bat dute eta, izatekotan, hezkuntza sistemak du arazoa, ez delako haur hauen premietara egokitzen. Ikasle guztiei curriculum bera ezartzea, guztiak taila bereko jantziekin janztea bezala da. Horregatik diogu eskolak egokitu behar duela ume hauen beharretara », esan du Imanolek. «Adimen berezia dutela esango nuke nik -Iñaki Andresek hartu du hitza-. Arazoa baino gehiago dohain bat dute eta gizarteak dohain horiek garatzeko bitartekoak jarri behar ditu. Arazoa, beraz, dohain hori edukitzeak sortzen duen ondorio bat baizik ez da, dohain horiek dituzten haurrek gelako taldera egokitzeko zailtasunak izan ditzaketelako». «Gaitasun handiko ume hauek aspertu egiten dira eskolan. Adimen bizikoak dira, gauza guztiak interesatzen zaizkie eta oso mugituak dira, oro har. Gustatzen zaien gauza batekin daudenean, erabat horretan sartuta daude, baina askotan hiperaktibo izateko joera dute eta arazoak sortzen dituzte gela barruan. Irakasleek ez dakite zer egin», jarraitu du Elisak.
Bere ustez, irakasleek dituzte gisa honetako haurrak detektatzeko aukera gehien, baina, horretarako, ordea, «prestaketa behar dute».
Joan den urteko ekainean jarri ziren elkarrekin harremanetan eta urrian hasi ziren elkartea sortzeko pausoak ematen. ADIMAC elkartearen egoitzako telefonoa 944 156 000 da, helbide elektronikoa adimac@live.com da. Badira gai honen inguruan informatzeko hitzaldiak eskatzen hasi diren irakasleak, baina gurasoak dira gehienetan elkartera hurbiltzen direnak. Elkarteko arduradunen ustetan, gaitasunak ez dira adimen mailakoak bakarrik, motibazioa edo borondatea ere gaitasun bat baita. «Muskizen eratu dugun taldean, zortzi-hamar urte arteko umeak hartu ditugu. Nahi duten arloa aukeratu eta lan egiten ikasten dute. Ikasten ikasten dute, metodologia bat lantzen, informazioa bilatzen, hipotesi bat aurreratzen eta testu bat elaboratzen. Zenbait lekutan gaitasun handiko haurrak talde berezietan biltzeko joera dago, baina gu horren kontra gaude, taldera egokitzen ikasi behar baitute. Baina beren antzeko umeekin tarteka elkartzea mesedegarri zaiela uste dugu eta horregatik eratu dugu Muskizen GAR bat (errendimendu intelektual handiko taldea). Ez direla piztia arraroak ohartzen dira, beren antzeko jendea badagoela. Hobe litzateke, noski, ume hauei gela barruan laguntza berezia ematea. Adimen urriko ikasleentzako bitartekoak jartzen diren bezalaxe, gaitasun handiko umeentzako ere bitartekoak jarri behar lirateke, baina askoz ere bitarteko garestiagoak dira. Gela barruan gauzak aldatzen ez diren bitartean, astean behin elkartu eta ordubetez lan egiten hasi gara. Oraingoz ni neu ari naiz taldearekin lanean», esan du Elisak.
Gaitasunak detektatzeko testak lau urtetik aurrera egin daitezke, baina askoz ere errazagoa da irakurtzen eta idazten ikasi ondoren egitea neurketak. «Adimenaren bi alderdi neur daitezke, fabrikatik datorren adimena da, bata, eta bakoitzak berak bildu duen informazioarena edo jakintzarena, bigarrena. Erabiltzen ditugun testekin biak neurtzen dira. Test horietatik koziente intelektuala ateratzen da. Adimenaren kozientea zatiketa baten ondorioa da. Adimenaren adina eta adin kronologikoa bat datozenean, 100eko kozientea ateratzen da».
«Gaitasun handiko umeen kasuan, ezustekoak izaten dira. Askotan galdera oso arraroak egiten dituztelako edo logikarik gabeko gauzak esaten dituztelako, tontotzat hartzen dituzte. Pentsamendu dibergentea lantzen dute normalean. Badute heldutasunarekin galtzen dugun halako jenialtasun bat eta badirudi hezkuntza sistemak hegoak mozten dizkiela», esan du Elisak. Gaitasun handiko haurrekin oso esperientzia gutxi garatu dira. «Nik dakidala, Nafarroan elkarte bat hasi da lanean; Valladoliden, adimen apartekoekin lan egiten duen La Huerta del Rey esperientzia dago; eta, Asturiasen ere zerbait egin dute. Ez dago askoz gehiagorik», esan du Imanol Erkiagak. Landu gabeko eremua da, beraz, eta ADIMAC elkarteak bide luzea du aurrean.

Informazio gehigarria:
http://www.gaur8.info/edukiak/20090213/121779/Gaitasun-handiko-haurrak--Guraso-talde-batek-ADIMAC-elkartea-sortu-du-arreta-berezia-behar-duten-umeekin-lan-egiteko

0 comentarios:

Publicar un comentario