Lehen Hezkuntzako ikasleak gara.Hezkuntza premia bereziak dituzten umeekin lan egingo dugulako aukeratu dugu gai hau.Gai honen inguruko zenbait informazio interesgarri eskainiko dugu.Eskerrik asko gure bloga bisitatzeagaitik.
RSS

domingo, 12 de diciembre de 2010

Gorrak egungo gizartean gutxietsita daude; are gehiago euskaldunen kasuan, ez baitago keinuen hizkuntzarik euskaraz

Sendagilearengana egin beharreko ohiko bisita, epaiketa batera joatea eta antzekoak egitea pentsaezinak dira gorrentzat. Entzumen urritasuna gutxi ez balitz, gainera, horretaz inor gutxi ohartzen dela ere azpimarratzen dute beraiek sarritan: gainerako ezinduek gabeziaren bat dutela begi-bistakoa bada ere, gorraren ezintasunaz ez gara konturatzen harekin komunikatzen garen arte. «Gizartearen eta instituzioen aldetik gabezia honekiko dagoen ezjakintasuna» nabarmendu beharrekoa dela gaineratu du Carmen Corada Bizkaiko Gorrak elkarteko kideak.

Entzumen urritasuna gauza arraro bezala ez ikusteko lanean dihardute egun Euskal Herriko gorren elkarte eta federaziokoek. Hezkuntza alorrean ari da batik bat Ulertuz Bizkaiko ume gorren lagunen eta familien elkarteak azken urteetan zehar, ume gorrek gainerako umeek dituzten aukera berdinak izatea lortzeko bidean. Ulertuz elkarteak garatzen dituen ekintzen artean daude, besteak beste, familiei orientazioa eskaintzea eta pare bat ikastetxetan haur gorrei zuzendutako estraeskolarrak eskaintzea. «Gorputz adierazpena eta keinu hizkuntza lantzen ditugu; batetik, haur gorren ikaskideek keinu hizkuntza ikasteko eta bestetik, komunikatzeko ez direla bi hizkuntza behar uste dugulako», nabarmendu du Ulertuzeko teknikari Amagoia Osinaldek:Oinarrizko hezkuntzan aurrerapausu garrantzitsuak eman diren arren, oraindik garapen bidean baino ez dago ume gorrei egokitutako hezkuntza sistema. Halaber, lan eremuan ere egoera beretsuan daude. Bizkaiko Gorrak elkarteko kidearen esanetan, lana bilatzea baino zailagoa da aurkitzen den lan horrek baldintza onak betetzea. Izan ere, pertsona gorrak maila akademiko oso urriarekin bideratzen dira lan merkatura, eta ondorioz, diru sarrera baxuko lanak hautatzen dituzte. «Sinatzerakoan beraien eskubideak bermatzen direla ziurtatu nahi dugu», adierazi du Coradak. Azken batez, pertsona gorrek ez dituzte guk adina baliabide informazioa jasotzeko eta, ondorioz, guk komunikabideetatik jasotzen dugun informazioaren inguruan, esate baterako, pertsona gorrak ez dira ohartu ere egiten.

Herrialde bakoitzak bere keinuen hizkuntza propioa dauka, eta guztiek ere beren egitura eta ezaugarri bereziak mantentzen dituzte. Hala, herrialde horiek dituzten ohitura espezifikoak eta eskolak berak ere badute zerikusia keinuen hizkuntzan. Are gehiago, Espainian, adibidez, autonomia erkidego bakoitzak bere keinuen hizkuntza dauka, espainieran oinarrituta. Kataluniako gorrek, aldiz, beraien hizkuntzaren arabera sortutako mintzaira propioa dute.

Hala ere, hizkuntza gutxituen alorrean hutsunea nabari da keinuen hizkuntzan ere. Horixe adierazi du Nekane Mujika Gipuzkoako Gorren Elkarteko kideak. Izan ere, ez da existitzen keinuen hizkuntzarik euskaraz. «Gaur egun ez dago pertsona gorrik euskara dakienik, baserrian bizi izan delako ikasi duen bakanen bat salbu». Bestalde, Euskal Herriko keinuen hizkuntza eta Espainiako herrialde bateko keinuen hizkuntza ezberdinak dira, baina ez hemen gorrak euskaraz mintzatzen direlako, herrialde orotan ematen den ezberdintasunagatik baizik.

Ondorioz, Euskal Herrian bizi eta euskaraz jakiteko aukerarik ere ez izateak bereizketa dakar Mujikaren iritziz, edozein komunikabidetara jotzerakoan oztopoak izango baititu entzumen urriko pertsonak. «Egunkaria irakurtzea bera ere ezinezkoa izango litzateke gor euskaldunentzat, ez lukete ezer ulertuko. ondorioz horrek guztiak erdarazko komunikabidea hautatzera derrigortzen du gorra den pertsona».Gainera, hainbat familiatan gertatu izan da familiakide guztiak euskaldunak izan eta euskaraz erdaraz baino hobeto jakin arren, entzumen urriko haurrarentzat bere ama edota aitarekin komunikatzea ezinezkoa izatea. Egoera aldatzea oso zaila bada ere aurrerapausuak ematen ari direla aitortu du, hala ere, Mujikak; batez ere hezkuntza sisteman eman dira aurrerakadok. «Ume gorrei, esate baterako euskal gaia euskal eskola batean ez zaio kentzen eta ikasteko aukera,nahi izanez gero behintzat, badauka; eta hau aurrerapausu handia da , izan ere, lehenago egiten zena horixe da hain justu, haur gor euskaldunari euskara ikastea ahalbidetu ez, eta gaztelera egitera behartu». Ekintza hauen ondorioak oraindik nabari ez arren, hemendik urte batutara izango dutela beren fruitua gaineratu du Mujikak.Gorrekin lanean diharduten elkarteetako kideek instituzioen aldetiko jarrera ezkorra eta babes eza salatu dute, alor honetan aurrera egiteko funtsezko giltza direla gogoratuz.


http://paperekoa.berria.info/harian/2004-01-15/016/033/Bi_bider_diskriminaturik.htm

0 comentarios:

Publicar un comentario