Lehen Hezkuntzako ikasleak gara.Hezkuntza premia bereziak dituzten umeekin lan egingo dugulako aukeratu dugu gai hau.Gai honen inguruko zenbait informazio interesgarri eskainiko dugu.Eskerrik asko gure bloga bisitatzeagaitik.
RSS

domingo, 12 de diciembre de 2010

ENTZUMEN URRITASUNA DAUKATEN PERTSONEKIN BERBETAN

Entzumen urritasunaren inguruan informazioa biltzea lan interesgarria da, baina, askotan zailtasun hau duten pertsonen testimonioak entzutea ere interesgarria da. Honetan, Euskal Gorren Federazioaren lehendakaria den Alvaro Ortegaren hitzak eta pertsona gorren irakaslea den Saioa Martinezen iritziak agertuko dira.

Alvaro Ortega bilbotarra da. Ez zen gor jaio, ondoren galdu zuen entzumena. Lagunekin zeinu hizkuntza erabiltzen du, baina familiarekin ahoz hitz egiten duela, kontatu du. «Erosoago sentitzen gara zeinu hizkuntza erabiliz eta horregatik mutu esaten zaigu, baina gezur galanta da: guk hitz egin dezakegu -dio-. Mutuek ahots-kordak falta dituzte edo arazoren bat dute, eta hori ez da gure kasua. Entzumen galeraren arabera, batzuk ondo kontrolatzen dugu ahotsa hitz egiterakoan eta besteok ez» .Zeinu hizkuntza erabiltzeko garaian, askoz errazagoa da ahotsik batere ez erabiltzea, Egitura desberdina daukatelako bi hizkuntzek.
Ia gor guztiak dira ezpainak irakurtzeko gai. «Txikitan logopedarekin ikasten dugu. Entzuten dutenekin komunikatzeko erabil dezakegu, baina ahalegin handia eskatzen digu. Gainera, ezin dugu esaten dutenaren %100a ulertu. Ahoskera antzekoa duten hitzen artean oso erraz nahasten gara. Edo bibotedun bati ez dizkiogu ezpainak ikusten. Oso zaila da guretzat» azaldu du Ortegak.

Saioa Martinez, gorra da jaiotzez. Santurtzin bizi da. Zeinu hizkuntza irakasten du eta gustukoa du. Esperientzia handiena umeekin du, eskoletan. Aurten Botika Zaharreko institutuan goi mailako zikloan eskolak ematen hasi da, eta Oorain arte, irakasle guztiak entzuleak izan dira. Horrez gain, EHUko Arabako kanpusean ere zeinu hizkuntza erakusten die ikasleeI.

«Entzuteko gaitasuna duten guraso batzuk onartzen dute zeinu hizkuntza, baina gerta daiteke erabili nahi ez izatea. Benetan ez dute hizkuntza moduan ikusten, ez dute gaztelaniaren edo euskararen pare ikusten, baina hizkuntza bat da. Lan handia dago egiteko, jendeak ez du ikusten komunikatzeko hizkuntza baten moduan eta bada»

Janire Alonso, Bilbotarra, bertako Botika Zaharreko institutuan ikasi zuen zeinu hizkuntza Janire Alonsok. Orain hiru urte ikasketak amaitu eta handik gutxira Euskal Gorren Federazioan hasi zen lanean.«Gorren elkarteetan eskaera gehiegi dutenean neu joaten naiz; adibidez, abokatuarengana edo medikuarengana laguntzen diot norbaiti. Federazioko ordezkariek batzarra dutela Lakuan edo Diputazioan, Euskalduna Jauregian kongresu bat dagoela... Izan ere, parte hartzea zabala bada, sekula ezingo duzu jakin pertsona gorrik duzun publikoan. Eta interpretaria jarri behar da. Hitzaldietan eta hauteskunde garaiko mitin politikoetan ere eskatzen dute interpretarion zerbitzua»
Kasualitatez hasi zen zeinu hizkuntza ikasten. «Gizarte hezkuntza ikasi nuen. Karrera amaitu eta praktikak drogamenpekotasunaren arloan egin nituen. Ikasten jarraitu nahi nuen. Lagun bat neukan zeinu hizkuntza ikasketak egin zituena eta deigarria egin zitzaidan. Lehen unetik engantxatu ninduen»

  • GORRAK GIZARTEAN DUTEN PAPERAREN INGURUAN:
Alvaro Ortega. «Gizarteak ez du gure ezgaitasuna ikusten. Ikusi hutsera ez dute nabaritzen gorrak garenik, eta entzuten dutenen bezalakoak garela pentsatzen dute. Baina ez da horrela»
Saioa Martinez, gorrak euren identitatearen jabe izatearen garrantzia azpimarratu du . «Gorra jaiotzen bazara argi daukazu zure errealitatea zein den; aldiz, hipoakusikoa bazara -zerbait entzuteko gai- edo gorra geratzen bazara, erdian zaude. Ez zara gorren pareko ikusten; agian hitz egiten badakizu baina ez dakizu entzulea ala gorra zaren. Ikusten duzu gorrak zeinu hizkuntza oso ondo erabiltzen dutela baina zu ez zara horrekin identifikatzen. Eta arazoak sor daitezke. `Zer naiz, entzulea, gorra?', galdetzen diote askok euren buruari. Komunikatzeko orduan egokitzapenak behar ditugu, besterik ez. Komunikatzeko arazorik, berez, ez daukagu»,

      • HEZKUNTZAN DAGOEN HUTSUNEAREN INGURUA ERE ARITU DIRA :

      Hamarkada luzeetan, gorrek eskola berezietan ikasi dute. Orain, gero eta gutxiago dira ikastetxe berezituak eta integrazio eredua ari da zabaltzen. Aldaketa nabarmena da. Baita oraindik dauden hutsuneak ere.

      Alvaro Ortega. «Eta horrek ere bazterketa suposatzen du. Guk ere eskubidea daukagu entzuten dutenekin batera egoteko, gaitasun bera daukagu»

      Saioa Martinez.«Ikastetxe berezituetan irakasleak zeinu hizkuntzan egiten du; aldiz, hezkuntzaren kalitate maila ez da egokiena. Ezin da entzuten dutenek jaso izan duten hezkuntzarekin alderatu. Integrazioarekin hezkuntza maila parekatzen da, baina arazoa da ez dagoela interpreterik. Astean dituzun 30 eskola orduen erdian bakarrik jartzen dizute interpretea; ondorioz gauza askotaz ez zara enteratzen. Gure helburua ordu guztiak interpreteekin betetzea da. Orduan bai egongo ginateke berdintasun egoeran».

      • INPLANTEAREN ERABILERAREN INGURUAN DAGOEN KEZKA ERE AIPATU DUTE:
      Alvaro Ortega. «Guk ez daukagu ezer alde edo kontra, baina informazio falta dago. Zer da benetan inplantea? Gehienek aukera honen alde egiten dute, baina %5ak ondoren kendu egiten du ez diolako balio. Horren arrazoiak azaldu beharko lirateke»
      Saioa Martinez. «Eskola integratuetara doazen gehienak entzun ahal izateko inplantea dute jarrita. Oso egoera delikatua da. Medikuek ez dituzte gorren ezaugarriak ezagutzen. Eurentzako errazena zer da? Inplantea jarri eta eskola integratuetara bidaltzea. Baina beharrezkoa da hezkuntza mailan zer-nolako aukerak dauden azaltzea, baita audifonoen inguruko informazioa, inplanteena... Azken finean, inplantearen metodoa ebakuntza da»

      • INTERPRETEAREN BEHARRA ETA ELKARTEEN LAGUNTZEN INGURUAN ZERA DIOTE:

      «Eusko Jaurlaritzarekin daukagun hitzarmenari esker, medikuarengana edo abokatuarengana joateko edo egoera pertsonaletarako interpretearen laguntza izan dezakegu. Baina ez da beti betetzen, ez dagoelako nahiko interprete. Iritsi ezin direnean federaziora deitzen dute, baina, tamalez, askotan ezetz esan beharrean aurkitzen gara. Urtero txostena bidaltzen dugu Lakuara zenbat kasuri uko egin behar izan diegun jakin dezaten»

      • ETA KOMUNIKABIDEAK ZER? EGOKITUAK DAUDE PERTSONA GORRENTZAT?

      Biak diote ETBren jarrerarekin oso kezkatuta daudela, ez baitagoelako ia azpititulurik. Oso ordu gutxi azpititulatzen dituzte, urtean 500-600 ordu bakarrik; kontuan izanda estatuko telebista kateak 5.000-10.000 ordura iristen direla.

      Egoera ikusita, Euskal Gorren Federazioak Internet bidezko proiektu berritzailea jarri du abian. Zeinu TV izena du eta horri esker gorrek ETBko hainbat eduki zeinu hizkuntzan ikus ditzakete. 2008. urteko irailean eman zituzten lehenengo pausuak eta 2009ko maiatzean hasi ziren lehen saioekin.

      «ETBk, Eusko Jaurlaritzarekin dugun hitzarmenaren bitartez, bideoak ematen dizkigu. Ostean, guk pasatzen ditugu zeinu hizkuntzara. Oso pozik gaude, bisita asko jaso ditugu -esan du Ortegak-. Hamar bat eduki ematen ditugu argitara egunean. Egunean zehar prestatu eta arratsaldean eskaintzen ditugu, astelehenetik ostiralera. Guztiz irisgarria da, eta Informazio Legea betetzeko ere garrantzitsua da. Izan ere, edonork eduki dezake informazioa eskura»


      http://www.gaur8.info/edukiak/20100409/193032/Zeinu-hizkuntzaren-onespenarekin-gizartean-berdintasuna-lortzea-dute-helburu-pertsona-gorrek.




      0 comentarios:

      Publicar un comentario