Lehen Hezkuntzako ikasleak gara.Hezkuntza premia bereziak dituzten umeekin lan egingo dugulako aukeratu dugu gai hau.Gai honen inguruko zenbait informazio interesgarri eskainiko dugu.Eskerrik asko gure bloga bisitatzeagaitik.
RSS

martes, 21 de diciembre de 2010

HIPERAKTIBITATEA

BERRIA egunkariko artikulua

ARRETARIK EZA ETA HIPERAKTIBITATEA. Arazo horiek dituzten haurren beharrei
erantzuteko, ‘Jolas eta Lan’ liburu sorta kaleratu du Erein argitaletxeak

BEÑAT EGUES - DONOSTIA

Zer gertatzen da lanak
eta jolasak bat egiten
dutenean? Asko ikasteko
aukera ematen dutela. Bai,
behintzat, GIE Gipuzkoako
Ikastolen Elkarteko Orientazio
Mintegiaren eta EHUko zenbait
irakasleren ustez. Hiperaktibitatea
eta arretarik eza lantzeko
programa bat egin dute. Eta
Erein argitaletxeak kaleratu du
lan horien fruitua: Jolas eta Lan
liburu sorta. Guztira lau liburu
dira, irakasleentzat bata eta
ikasleek lantzeko besteak. Haur
hiperaktiboen eta arretarik jartzen
ez duten haurren beharrei
erantzuteko zenbait irizpide eta
ariketa plazaratu dituzte liburuetan,
eta eskoletan zein etxeetan
erabil daitezke.

Arazo arruntak dira arretarik
eza eta hiperaktibitatea, eta
gaztetan diagnostikatu ohi
dira. Haur batzuek ez dute arreta
behar den egoeretan jartzeko
edota erne egoteko gaitasunik
izaten. Hiperaktibitatea dutenek,
berriz, esna eta arretatsu
egoteko, etengabeko aktibitatea
behar izaten dute. Bi arazo
horiek eskoletan diagnostikatzen
dira asko, haurren %1-5ek
baitituzte. «Ikastetxeetako gela
batean 25 haur badaude, bat
hiperaktiboa izango da edo
arretarik jartzen ez du jakingo
», dio EHUko irakasle Mikel
Haranburuk.

Horiek dituzten haurrek gainerako
haurrek baino aktibitate
gutxiago izaten dute garun azalean,
eta aktibitate asko egin behar
izaten dute garun azaleko
aktibitatea areagotzeko. Horregatik,
Haranbururen arabera,haur horiek portaera aktibatzeko
eta inhibitzeko zailtasunak
izaten dituzte.

Nahaste horiek direla eta,
haurrek portaera bereziak izaten
dituzte, eta batzuetan arazoak
sortzen dira. «Izaten dituzten
umore aldaketengatik eta
barne hersturengatik, arazoak
izaten dituzte gainerako haurrekin
harremanak izateko».
Egonkortasun emozional gutxi
izaten dute, eta autoestimu arazoak
ere izan ditzakete. Horrek
guztiak moldaera arazoak ekartzen
dizkie.

Bereziak izaten dira, hortaz,
haur horien beharrak, eta, batzuetan,
gurasoek eta irakasleek
ez dute jakiten nola jokatu
behar duten. Liburu horietan,
haurrei laguntzeko material
egokia aurkeztu dute.

Nola jokatu
horrelako haurrekin?
Arretari eza eta hiperaktibitatea
botiken bidez kontrola daitezkeen
arren, Mikel Haranbururen
arabera, behin botikak
hartzeari uztean arazoak berriz
itzultzen dira. Horregatik, Jolas
eta Lan programarekin batez
ere haurren tratamendu kognitiboa
lantzen dute. «Haurrek
izan badute gaitasuna, baina
arreta noiz eta nola jarri behar
duten erabakitzen ikasi behar
dute».

Liburuetan lau bide erabiltzen
dituzte arreta eta erabakitzeko
gaitasun hori lantzeko.
Batetik, hautemate ariketak
proposatzen dituzte. «Saio
bakoitzean ilusio optikoren bat
aurkezten dugu, haurrek irudiaren
zati ezberdinetan arreta
jartzen ikas dezaten». Bigarrenik,
asmakizunak proposatzen
dituzte, haurren jakin-mina eta
adimen motak pizteko. Haurrak
lasaitzeko, oso komenigarria
izaten da umorea erabiltzea,
eta hori da plazaratzen
duten hirugarren proposamena.
Azkenik, arreta hobetzeko
eta arreta horri eusten ikasteko
ariketa bereziak proposatzen
dituzte.


http://www.siis.net/documentos/hemeroteca/632110.pdf

HIPERAKTIBITATEA

ARAZO HAU GAINDITZEKO HAINBAT TEKNIKA...

JOLASAK

Jolas hauek lagungarriak dira arreta lantzeko. Beti ere haurrari pausuak eta jolasaren nondik eta norakoak azalduz jolasten ari den bitartean, arestian aipatutako gaitasunak hobeto barneratu ditzan.


•Diskriminazio bisuala eskatzen duten ariketak
•Arrazonatze berbala
•Arrazonatze logikoa
•Esaldiak osatzea
•Sinonimo eta antonimoak
•Asmakizunak
•Serieak jarraitzea
•Bereizitasunak bilatzea
•...


Hona hemen lasaigarri gisa funtzionatzen duten zenbait jolas!



•Partxisa•"Tres en raya"
•Puzzleak
•Ikusi makusi zer ikusi
•Karta jokoak
•Laberintoak•Eraikitzeko jolasak
•Arnasketa ariketak
•Musika entzunaldiak

DORTOKAREN TEKNIKA

Tentsiozko egoeretarako baliagarria. Ikaslea dortokarekin identifikatzean datza. Dortokak badu berezitasun bat: arazo bat sortzen denean, bere oskolean sartzen da konponbidea bilatzeko.

1. Umeak dortokaren posizioa hartu: besoak gorputzean itsatsita eta okotsa paparraren kontra jarrita.

2. Lasaitzeko 10era arte zenbatu.

3. Egindakoaz jabetu.

4. Konponbidea bilatu.


Informazio gehiago jasotzeko sartu hemen:



http://nagopala.blogspot.com/2010/01/jarrera-taula.html

HIPERAKTIBITATEA

HIPERAKTIBITATEA: DIAGNOSTIKO OKERREN ONDORIO KALTEGARRIAK

Diagnostiko okerrak egiten dira maiz, eta haur asko dago medikatuta, beharrik gabe.

Aise erabiltzen dugu hitza: “Ume hau hiperaktiboa da”. Eta aise sinesten dugu hala dela: diagnostiko okerrak egiten dira maiz, eta haur asko dago medikatuta, beharrik gabe. Zer da eta zer ez da hiperaktibitatea? Zein ondorio dauzka?

Hasieratik argi utzi dezagun pertsona batzuen ezaugarria dela hiperaktibitatea, ez gaixotasuna. Baina ohikoa da ingurura egokitzeko arazoak sortzea hiperaktibitateak, eta horrek ekarri ohi du Arreta Gabeziaren Hiperaktibitate Nahasmendua delakoa (AGHN).

Hiperaktibitatearen jatorria burmuinean kokatu behar dela argitu digu Maria López neurobiologoak, zehazki lobulu frontalean. Kopeta atzean dago lobulu frontala, burmuinean garatzen den azken zatia da eta funtzio betearazlea dauka: planifikatzeaz arduratzen da, antolatzeaz, memoria edo lan baliabideak emateaz, pentsamendua eta emozioa integratzeaz… Iristen zaion informazioarekin zer egin erabakitzen du, zein jarrera hartu. Baina AGHN-aren atzean bi arazo egon daitezke: edo berezko arazoa du lobuluak eta neuro-transmisoreek ez dute bere lana ondo egiten, edo problema ez dago lobuluan, informazioa helarazten dioten burmuineko beste zatiren batean baizik (mugimenduaz arduratzen dena, arlo sentsoriala kontrolatzen duena, burmuin emozionala…) eta hortaz lobuluak erabaki okerrak hartzen ditu, informazio okerra iristen baitzaio.

Ordea, gaur egun zaku berean sartzen dituzte ume denak, eta medikazio bera ematen zaie. Akats handia dela dio Lópezek, jatorria lobulu frontalean ez dagoenean, burmuineko beste zatiren batean baizik, garapen arazo bat baino ez delako, eta ez du inongo zentzurik pilulara jotzeak. Arazo neurobiologikoa herritarren %2-3ak du (mutilen %5ak eta nesken %1ak), baina askoz ume gehiago dago hiperaktibitateagatik medikatuta: Hego Euskal Herrian, %10-15 artean, eta AEBetan esaterako, haurren %25a, hainbat daturen arabera.

Hiru multzo handi bereiz ditzakegu AGHN-an: arreta gabezia dutenak (arreta aldaketa handiak dituztenak edo segituan deskonektatzen duten umeak), hiperaktiboak (geldi egoten ez direnak, mugimenduak antolatzeko arazo larriak dituztenak) eta inpultsiboak (pentsatu aurretik jokatzen dutenak). Haur asko, dena den, hiruen nahasketa dira. Bada esaten duenik nahasmendua ez dela existitzen eta psikiatren asmakizuna dela, ume zailak etiketatzeko, egungo gizarteak normaltzat eta anormaltzat jotzen duenaren arabera asmatutako gaitza dela. Profesional gehienen iritziz, hala ere, ezin da ukatu badagoela errepikatzen den sintoma multzoa (George Still pediatra ingelesak 1902an lehenengoz deskribatua), genetikoki transmititzen dena. Kontua da, jokabidearen nahasmendua dela hiperaktibitatearena, umearen jokabide-pautak aztertuz antzeman beharrekoa, eta gaizki ebaluatutako eta gaindiagnostikatutako kasu asko dago. Zer da “arrunta” eta zer ez? Non dago muga?

Zer EZ da hiperaktibitatea
Psikiatrarengana doazen haur eta gazteen kontsulten %20 eta 40 artean hiperaktibitatea arrazoitzen dute. ALBOR-COHS zentroko zuzendari Angela Magazen hitzetan, irakasle eta medikuen gomendioz zentrora hurbiltzen zaizkien guraso gehienak erratuta daude: gehiago dira gaizki diagnostikatuta iristen diren haurrak, benetan hiperaktiboak direnak baino. Bilbon eta Barakaldon du egoitza ALBOR-COHS zentroak, psikologoek eta pedagogoek osaturiko taldea da eta hezkuntza arloko aferak dituzte lan ildo: ikasketa arazoak dituzten gazteak laguntzea, familiak aholkatzea, irakasleak prestatzea eta ikerketak garatzea. Magazek dioskunez, konplexua da hiperaktiboa “dena” eta hiperaktibo “dagoena” bereiztea, baina funtsezko desberdintasuna dago atzean; bere organismoak behar duelako egiten du lehenengoak, beste arrazoiren batengatik bigarrenak: adibidez, gehiegizko estres edo antsietateagatik –denak mugitzen gara urduri gaudenean–; ohituragatik –nahi duena egitera ohituta dago umea, ez diote mugarik jarri–; egunez ezaugarri hiperaktiboak ditu insomnioa duelako –adibidez amigdala handiegiak dituelako eta gauez arnasa ondo hartu ezin duelako–; arrazonamendu edo adimen abildadeetan atzerapen pixka bat dauka eta ariketekin frustratzen denez, antsietatea sortzen zaio…

Ados dago Maria López: ikasketa, emozio eta jarrera arazo asko hartzen dira AGHN gisa. Neskato bat ikusi berri duela kontatu digu, ikasgelan lanik egiten ez duena. Arreta gabezia zuelakoan zeuden, baina ez da hala, autoritatearekin du arazoa eta irakasleari oldartzen ari zaio etengabe; gurasoek ez dizkiote mugak behar bezala jarri. Ume batzuek, bestalde, ez dituzte oraindik erreflexu primitiboak guztiz inhibitu –denborarekin desagertuz doaz, baina hondarrak gera daitezke batzuetan– eta hiperaktiboak direla eman dezake. Entzumen filtroak garatuak ez izatea ere arreta gabeziatzat hartzen da maiz: haurrak ezin ditu inguruko hotsak baztertu eta ez du arreta irakaslearen ahotsean jartzen. Edota besterik gabe aspertu egiten da, edo ez dago motibatuta, edo inpultsuen kontrol emozionala ez dago ondo garatua, baina ez dira AGHN-aren sintomak.

Gaur egungo gizarte eredua ere ez da lagungarria, umea geldi eta lasai egon dadin. Gabriela Dueñas psikopedagogoak uste du estimuluz betetako, arrakasta errazera ohitutako eta gurasoen antsietateaz kutsatutako haurrak sortu dituela egungo gizarteak. Lópezek gaineratu du auzoko ikastetxera ere autoan doazen umeak gero eskolan eserita eta geldi egotea nekeza dela. Eta hainbeste zarata dagoen gizartean, zaila dela entzuten jakitea, horretarako soinuaz gain isiltasuna ere behar delako: “Denek estresatuta bukatzen dugu azkenean, eta muturrera eramaten dutenei diagnostikatzen zaie AGHN, inguruak ez duelako lasaitasuna bultzatzen. Hamabi orduko jardunaldiak dituzten seme-alabak ditugu, goizean ikastolara bidali eta gaueko bederatziak arte etxera itzultzen ez direnak!”. Eta hori hiperaktibitatearekin nahastea, hutsegitea da.

Ebaluazio makalak, diagnostiko desegokiak
DS4 izenekoa da AGHN antzemateko diagnostiko estatubatuarra, gainontzeko lekuetara zabaldu dena: gurasoek eta irakasleek bete beharreko inkesta batzuk dira, haurraren arreta, hiperaktibitatea eta inpultsibitatea neurtzeko. Pautak edozein lekutan eta sei hilabete baino gehiagotan errepikatzen direnean, nahasmendua duela diagnostikatzen zaio. Galdetegia, baina, ez da nahikoa inondik inora, Lópezen aburuz. Hona inkestak planteatzen dituen pautetako batzuk: umea ezin da geldirik egon geldi egon beharko lukeen egoeratan, ez ditu arauak betetzen, hankak eta besoak arrazoirik gabe mugitzen ditu, kontzentratzeko arazoak ditu, pentsatu gabe erantzuten du… “Hain dira galdera irekiak, edonork baietz erantzun dezakeela”.

Gainera, neurobiologoak argi du haurrak 6 urte bete aurretik ez litzatekeela nahasmendua diagnostikatu behar, lobulu frontala adin horretan hasten delako bere osotasunean lan egiten. Sarri, aurretik diagnostikatzen zaie, baina 3 urterekin ume guztiek dute gehiegizko mugimendua, koordinazioa eta oreka garatzen eta esperimentatzen ari direlako. “Hainbatek dio 3-4 urterekin ume batzuei joera ikusten zaiela eta komeni dela lehenbailehen medikatzea. Ni oso kritikoa naiz horrekin, ume bati hiperaktibitaterako ‘joera ikusten zaionean’ burmuinak dituen baliabideak lantzea delako bidea, lobulu frontala farmakologikoki aktibatu aurretik, bestela ezinezkoa da lobulua garatzea”, kritikatu du Lópezek.

Diagnostiko egokia egiteko, irizpideak findu behar dira lehenik, behar bezalako ebaluazio konpletoa funtsezkoa da, eta umearen garapenean ondo prestatuta dauden psikologo, neurologo eta neuropsikologo profesionalek egin beharko lukete. Bestela, irakasle eta gurasoen tolerantziaren eta irizpidearen arabera hartzen da erabakia.

Neurodopinaren atarian?
Kontraesana dirudi, baina AGHN dutenei estimulatzaileak ematen dizkiete, sistema neuro-transmisoreetan eragiten baitute. Gurean, metilfenidatoaren deribatuak dira ohikoenak, Ritalin, Rubifen edota Concerta izenpean. Adin txikikoen artean psikofarmako gehien banatzen dituzten herrialdeak honakoak dira, hurrenez hurren: AEB, Kanada eta Espainiako Estatua. Ahots kritikoenek salatu dute haur errebeldeak menpean izateko metodoa dela hiperaktibitate medikatua, kontrol sozialerako estrategia, otzan ez direnak arrastoan sartzeko. “Joera dago pentsatzeko umearen burmuinaren garapena espontaneoa eta perfektua dela, eta dena ez badoa behar bezala, medikuntzarekin lotutako arazoa dela”, dio Lópezek.

Bere esanetan, egoera bereziki larria da AEBetan, dagoeneko ez baita soilik arazoak dituen umea medikatzen: “Zertarako igaroko du seme-alabak arratsalde osoa etxeko lanak egiten, pilularekin bi ordutan egin baditzake? Beldurgarria da, kirolean horri dopatzea deitzen zaiolako, baina garunari eragiten dionean, neuropotentziatzailea”. Neurodopin-aren atarian ote gaude? Azken finean, mendizaleari ez zaio uzten dopatuta igotzen, bada buruaren kasuan berdin izan beharko luke: “Helmugara iristeagatik edozer gauza ahalbidetzen ari gara, eta ezin dutenei lagundu egin behar zaie, baina etikoki ere ikusi behar dugu noraino iritsi behar duen haurrak”. Gainera, burua bere kabuz lantzea eta garatzea oztopa dezake pilulak, sakoneko problema estaliz. Medikamentuak nerbio-sistema zentralean eragiten du, gure buruan informazioa prozesatzeko moduan, eta hori droga izenez ezagutzen dugu 14 urtetik aurrera hartzen denean. Lehen aipaturiko %2-3arentzat hainbatetan lagungarri izan daitekeela aitortu du neurobiologoak, baina halakoetan ere ez litzatekeela inoiz 6 urte bete baino lehen errezetatu behar –eta egiten da–, eta inoiz ez bizpahiru urte baino epe luzeagorako –eta egiten da–, insomnioa, hazteko arazoak, apetitu falta, tikak… ere sor baititzake.

Lópezen ustez, medikuen artean joera dago ikasketa arazoak medikalizatzeko, etsita iristen zaizkien gurasoen eta irakasleen eskaerari erantzunez. Baina Herbehereetan adibidez, umeak errazkeria horrekin ez medikatzeko neurriak hartzeari ekin diote. Hiperaktibitatea ikuspegi biomedikutik artatzen da gehiago, psikohezigarritik baino; hala baieztatu digu Angela Magaz ALBOR-COHSeko psikologoak. Logikoa dela pentsa genezake, ezaugarri fisikoa delako, “baina denak du oinarri biologikoa, eta gure esperientziak erakutsi digu farmakoa laguntza baino ez dela, ikasketa prozesua azkartzeko erabili daitekeena, baina ezin dugu espero horrekin bakarrik egoera hobetuko denik. Entrenatu egin behar da burmuina, teknikak eta abildadeak garatu, gure helburua delako pertsona autonomoa eta independentea izatea, eta ez menpeko”.

Pentsamenduaren eta ekintzaren arteko hartu-emana, mugimendua eta arreta kontrolatzen irakasten diete hiperaktiboei ALBOR-COHSen. Bakoitzaren araberako planak garatzen dituzte, Magazek azpimarratu moduan ezaugarri bat besterik ez delako hiperaktibitatea eta ume bakoitzak dituen beste ezaugarrien, egoeraren, inguruaren arabera baldintza oso desberdinak izan ditzake. Gurasoak eta irakasleak ere entrenatzen dituzte. Lópezek garbi du eskolaren egitekoa: “Pertsona bakoitzaren behar indibidualei erantzungo dien sistema behar dugu. Hezkuntzak bultzatzen duen dibertsitatearen aldeko mezuak benetakoa izan behar luke, eta ume batek behar duenean une batez altxa eta paseo bat eman, bere dibertsitatea da, baita psikologo, pedagogo… baten babesa behar badu ere”.

Entrenamenduarekin, jokabide-pautek oso positiboki eboluzionatu dezaketela nabarmendu du Magazek, nahiz eta hiperaktibitatea beti mantentzen den ezaugarria izan. Lópezen iritziz, baina, adinarekin asko jaisten da hiperaktibitatea –gutxiago arreta gabezia–. Kontuak kontu, heldu hiperaktiboak mugimenduak kontrolatzen ikasi ohi du adinarekin, baina ez da hiru orduz hondartzan etzanda egongo, beti izango du zereginen bat esku artean. Enpresa munduan adibidez, hiperaktibo asko dagoela uste du neurobiologoak, arrakastatsu gainera: “Kongresu bat di-da antolatzeko gai dira hainbat enpresari, eta politikari batzuei hiperaktiboak direla ikusten zaie; Sarkozyri, esaterako”. Ezaugarria abantaila bihurtzea, horra erronka.

Informazio iturria:

http://guraso.com/albisteak/hiperaktibitatea-diagnostiko-okerren-ondorio-kaltegarriak

HIPERAKTIBITATEA

HIPERAKTIBITATEA (ONDO) ULERTZEKO

Jabier Agirre



Sekula ez da egon gaur adina hiperaktibitate kasu umeen artean. Hala dirudi, gure inguruko eskola eta ikastoletatik datozen albisteei erreparatzen badiegu bederen. Horregatik, helduek esfortzu bat egin beharra daukagu, umeen lekuan jarri eta arazoari beste ikuspegi batetik begiratzeko, baina lasai betiere, urduri jarri gabe.

Altxa egiten da. Bere lagun eta adiskideak molestatu egiten ditu. Hitz egiten du. Distraitu egiten da. Jolasean ari da. Baina mindu egin da (edo agian moskeatu esan beharko genuke). Lapitzak edo margoak erori egin zaizkio. Jaso egin ditu. Irribarre egin du. Halako batean gelan egiten ari ziren horretan “sartu” da. Baina oso denbora laburrean. Berriro ere deskonektatu du, mugimendu batek edo hotsen batek distraitu egin duelako. Bere atzean eserita dagoen umearekin hizketan hasi da. Berriz jaiki da, eta orduan andereñoak zigortu egin du. Andereñoak gurasoei hots egin die. Gurasoek logopeda bati deitu diote. Hori izan daiteke ume hiperaktibo baten edozein egunetako portaeren sekuentzia.

Hiperaktiboa, baina azkarra
Eta zirkulua borobildu eta ixteko, adituak bere diagnostikoa egingo du: umea oso azkarra da, baina baita hiperaktiboa ere. Ume horrek molestatu egiten gaitu, estutu, kezkatu, nekatu egiten gaitu. Geldirik egotea nahi genuke. Eta hortxe hasten da pediatren, neurologoen eta psikologoen kontsulta batetik besterako ibilbidea, hainbeste mugimenduri irtenbide bat bilatu nahian. Baina konponbidea ez dago beti umearen baitan, gurasoengan baizik. Sarritan familia giroan tentsio ugari egoten dira (kulpak, kexak, tristurak, haserreak) eta umeak ezin du bere baitan “kontzentratu”, inguruko gatazka emozional horiek arreta galarazten diotelako.

Gurasoen ardura ere bai
Pertsona helduok ez dugu lotzen umearen balizko hiperaktibitate hori gure eguneroko bizimoduan nagusi den desordenarekin. Baina hobe genuke, batzuetan, geure bizi-erritmoari begiratzea, eta erlojuaren kontrako lasterketan bizi garela konturatuko gara: beti dauzkagu mila zeregin, denak batera egiten saiatuko gara, baina aurretik lasaitu eta pentsatu ere egin gabe. Horregatik, elkarrekin lasaitu eta erlaxatzen saiatu behar genuke, izan ere askoz errazagoa baita ume bat lasaitzea harekin sintonian jarri eta gu ere lasaitu eta erlaxatzen bagara. Kasu guztiak ez dira hain erraz konponduko, noski, baina aurreneko ahalegin hori, bederen, egin beharko genuke helduok. Gu geu lasaitu aurrena, eta gero umea guregana etor dadin saiatu. Ez, ordea, beste jarduera edo lan edo tratamendu berri bat proposatzeko, elkarrekin, bata bestearen ondoan egoteko baizik.

Informazio iturria:

http://www.argia.com/argia-astekaria/2176/hiperaktibitatea-ondo-ulertzeko

HIPERAKTIBITATEA

IKASLE BATEN ADIBIDEA


Ikastetxe bateko hiperaktibitatea duen ume baten egoera aztertu dugu. Ume honen izena Miguel da eta 8 urte ditu. Lehen hezkuntzako 2.maila egiten ari da. Klasera joatea gustatzen zaio, baina, jadanik, zailtasun handiak izan ditu mailaz pasatzeko.
Orain dela bi urte hiperaktibitatea diagnostikatu zioten. Miguel ez zen beste ikasleak bezala, arreta falta zuen, asko mugitzen zen, oso urduria zen, inpultsibitate handia zuen eta autokontrol falta. Orduan, bere irakasleak ikastetxearen psikoloarengana eraman zuen.
Test bat egin ondoren, ikusi zuten hiperaktibitatea izateko posibilitate handiak zituela eta espezializatuengana eraman zuten. Froga asko egin ondoren, Miguelek hiperaktibitatea zuela esan zuten, baina ez zuela oso garatuta. Gaixotasuna kontrolatzen laguntzen baldin bazitzaion, orduan beste ikasle bat bezala izatera ailegatu ahal izango zela. Baina,alde batera uzten baldin bazitzaion, orduan ez zuela etorkizun handirik izango.

ETXEAN GURASOEKIN IZAN OHI DITUEN ARAZO BATZUK

Ondoren goiz guztietan amak izaten dituen arazoak aipatuko ditugu: Egunero amak klasera sartu baino ordu bat eta erdi lehenago esnatzen du. Bere
logela hankaz gora egoten ohi da, jolasteko orduan, azkar aspertzen delako eta ondorioz,gauza guztiekin jolasten du, dena lurrean hutsiz. Amak egunero apaintzen dio logela,baina etxekolanak egin eta gero amak jolasten uzten dio, esfortzu handia egin duelako,lan guztiak egin eta gero. Amak egunero, Miguelek jantzi behar duen arropa ohe gainean prestatuta uzten dio. Ama itzultzen denean, Miguel ez dago jantzita eta jolasten ari da. Ama gainean egon behar da, bestela erraz lekoratzen da. Amak gosaria prestatu dio eta umeak gosaltzen hasten da. Baina bat-batean, euli bat bere ondotik pasatzen da,eta harrapatzen eta hiltzen saiatzen da, gosaria jan beharrean. Bere arreta osoa euliarengan du, ama etorri eta bronka botatzen dion arte. Bederatziak dira, klasera sartzeko ordua, eta Miguel, oraindik, etxean dago gosaria jaten. Eta horrela egunero.

Ama saiatzen da umea bederatzitan klasean izaten, baina, era berean, bere anai txikiaren kargu egin behar da, eta oso zaila egiten zaio. Etxean etxekolanak egitea bere lana darama. Amak sariekin jolastu behar du Miguelen motibazioa deitzeko eta etxean zerbait egiteko. Umea zigortzea ez du ezertarako balio. Amak beste trikimailu batzuk erabili behar ditu Miguelek lana egin dezan. Adibidez, “ariketa hori bukatzen baduzu, kamioi berriarekin jolasten utziko dizut”. Horrela umeak ariketa bukatu eta amak bere saria ematen dio.

Informazio gehiago jasotzeko sartu hemen:


http://www.scribd.com/doc/6584555/Ikasle-baten-adibidea

HIPERAKTIBITATEA

AGHA AGERTZEAREN KAUSA BATZUK


Ikerketek oraindik ez dute identifikatu AGHAren behin betiko kausa, baina, itxura guztien arabera, gaixotasunaren sorreran garrantzi handia dute faktore biologikoek, dopamina eta noradrenalina neurotransmisoreen faltak, batik bat.


Dopamina gai kimiko naturala da; adituek diotenez, ‘sariaren’ edo sozialki onartua dagoen portaeraren errefortzuaren atzean dauden garuneko egiturak aktibatu egiten ditu dopaminak. Noradrenalinak, berriz, lausoago jokatzen du garunean, eta, uste denez, alerta-zentzua, arreta selektiboa izateko gaitasuna eta orientazioaren zentzua kontrolatzen ditu. Beraz, erraz uler daiteke dopaminak edo noradrenalinak huts eginez gero lehen aipatutako sintomak agertzea.


Horrez gain, AGHAk oinarri hereditarioa duela pentsatzen dute adituek, baina asalduran inplikatuak dauden geneen sekuentziak zein diren jakiteko hasierako faseetan daude oraindik. Dena den, ingurunearekin lotutako faktoreak ere garrantzitsuak dira, eta familiaren baitako ezaugarri eta faktore dinamiko ugarik eragin edo azalera ditzakete asaldura honen sintomak.

Informazio gehiago jasotzeko sartu hemen:

http://www.zientzia.net/artikulua.asp?Artik_kod=10551

miércoles, 15 de diciembre de 2010

ZER GERTATZEN DA GELA BARRUAN?

Entzumen defizita daukaten haurrez hitz egiten dugunean, kontutan eduki behar dugun beste gauza bat zera da: gorreriaren ondorio bezala mututasuna agertzen dela kasu askotan. Honelako kasuak ematen direnean, normalean,haurrak zaratak atera ditzake, builak, zotinak, negarrak edo oihuak esaterako, entzumen aparatua ez ezik, ahots-aparatua egoera onean dagoelako, baina ez da hitzik esateko gauza, horretarako bereziki irakasten ez zaion artean.

Entzumenean gutxitua dagoen haurrak mintzaira bereganatzeko prozesuan atzerapen bat dauka; ezin bait du ez hitz egin eta ez araurik bereganatu. Ume normalak guzti hori imitazioz lortzen du besteei hitz egiten entzunez eta ikusiz, irakaspen sistematikoa hartu baino lehenagotik ere. Entzumen-gutxituarentzat, ordea, prozesu hau askoz ere zailagoa eta neketsuagoa da, eta baita askoz motelagoa ere; min-tzairaraino duen sarbidea ez bait da berezkoa edo naturala.
Horregatik ume gorrak mintzairaren jabetze, egituratze eta ahoskatzean atzerapena dakar eskolara sartzen denerako eta horregatik oso garaiz hasita entrenamendu intentsiboan jarri behar dugu, kanpoko estimuluak etengabeak, aberatsak (baina ongi neurtuak) diren bitartean.

Dena den, askotan,gertatzen da umea eskolara sartu aurretik ez dela gorreria diagnostikatzen. Bestalde, gerta daiteke, umeak eskola garaia bitartean entzumen galera jasatea. Kasu hauetan, irakasleari dagokio belarriko arazoei zor zaizkien problema horiek diagnostikatzea edo behintzat susmatzea. Irakaslea izan behar da arazoa identifikatuko duena,aldaketaren bat ikusten duenean umearen jarreran, horrela jarraipen bat eginez arazoa identifikatu arte.

Normalean entzumen defizita duten haurrek ongi entzungo diote irakasleari, 1-2 metroko distantzia baino urrunago ez badaude. Baina, irakaslea urruntzen bada, edota buelta ematen badu, seguraski umeak ez dio entzungo. Aspektu hori umearen ikas prozesuan oztopo ugari eragingo ditu, askotan azalpenak entzungo ez dituelako, edo, besteen iritziak kontuan izango ez dituelako. Are gehiago, Klaseko beste muturretik hitz egiten bazaio, umeak atzerapenaz erantzun dezake “eh?” esanez, edota “ez dakit” erantzunez. Hasiera batean, erantzun bi horiek izango dira ohikoenak, entzun ez duen gauza baten aurrean, horregatik arazoa identifikatzeko irakaslearen jarrera eta laguntza ezinbestekoa izango da.
Umea gela barruan elkarrizketa jarraian parte hartzeko moduko leku batean ez badago, arreta galduko du, distraitu itxura du, edo bestela oso jarrera behartuan eseriko da hitz egiten ari den pertsonaren aurpegia ikusteko. Aspektu eta eragozpen guzti hauek ikusita, horrelako kasu baten aurrean komeni da lehen baino lehen arazoa identifikatzea eta umeari laguntza eskaintzea.

Horrez gain komenigarria izango da irakasleari zuzendutako hurrengo gomedioak arretaz irakurtzea.
Entzumen-akatsak dituen ume bat gelara sartu aurretik, ikaskideen artean giro ona sortu behar da. Horregatik irakaslearen zeregina, bere gelan, entzumen defizita duen ume bat daukanean, izango da ikaslearen integrazioa ahalik eta onena izatea.
Entzumen-akatsak dituen ikaslea gelan sartu aurretik (edo arazoa geroago agertzen bada, jakin ondoren) egoki da bere ikaskide izango direnen artean giro ona sortzea. Horretarako, lehenbizi, klasean klase osoari, haur gorra gainerako haurrak bezalakoa dela azaldu behar zaio.
Beste umeei argitu egin behar zaie, ume hauek entzuteko tresna baten premia duela, beste batzuk ikusteko betaurrekoak behar dituzten bezalaxe. Beren jarrerak gelako zeregin eta jolasetan gainerako haurrenganakoa bezalakoa izan behar duela oharterazi behar zaie, ume gutxituak parte har dezan, eta beste guztien artean edonor bezalakoa izan dadin.

Irakasleak, entzumen urritasuna duen umea egoera onean jarri behar du gela barnean, ahalik eta informaziorik gehien jaso ahal dezan; bai irakaslearen aldetik eta baita beste ikaskideengandik ere.

Haur gorrarekin hitz egitean hartzen dugun jarrera oso inportantea izango da. Umeari astiro hitz egin behar zaio; aurrez aurre eta ahoskatze-keinu exageratuak egin gabe, ezpainetan irakur ahal dezan eta esaten zaiona uler dezan. Egokiena da, esaldi laburrak baina ongi egituratuak daudenak erabiltzea. Galderarik egiten bazaizkio, ongi ulertu duela ziur egon behar du irakasleak, berriro esanez edo galdera zertxobait aldatuz. Kontutan eduki pertzepzio-gorrerian ahotsa ozenagotzeak ez diola laguntza berezirik emango; kasu honetan, oinarrizko arazoa ez delako soinuaren intentsitatea, horregatik hitz egin beharko zaio gelako gainerako haurrengana zuzentzen garen ahots-ozentasun berberaz.

Komeni da irakasleak, idatzizko ohar eta argibideez baliatzea ahal duen guztietan. Modu honetan gelan integraturik dagoen haur gutxituaren hiztegia ugaltzeko eta zuzpertzeko.
Hizkuntz arloan zailtasun bereziak dituzten haurrekin, komunikazioak elkar-komunikazioa izan behar du, hau da, irakaslearengandik ikaslearengana, eta ikaslearengandik irakaslearengana.
Gorrari beste haurrei adina egokiera eman zaio hitz egiteko.
Bukatzeko komeni da, irakasleak, haur horien protesia egoera onean dagoela ziurtatzea.

http://isabelcebral.blogspot.com/2008/01/entzumenaren-akatsak-eskolan.html